XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nahiko hurbil geundenean norabidea aldatu genuen.

Haiek ez zuten beraiena aldatu eta agurka hasi zitzaizkigun.

Ez ziren piratak, antza; edo, izanez gero, ez gintzaizkien interesatu.

Guk badaezpada erne jarraitu genuen Guadalquivir ibaiahora heldu ginen arteino.

Sebiliara heldu ginen oraindik Jose Saenz Abendañokoa aurkitzeko tenorez.

Itsas Auzora abiatu ginen itsas arazoetarako alkatearekin berba egiteko asmoz.

Oso gizon atsegina zen alkate hau eta Abendañokoaren adiskidea.

Beronen etxera lagundu gintuen.

Arratsalde hartan ezin izan genuen Jose Saenzekin mintzatu genovatar batzurekin merkatal bilera batean zegoela eta, baina gauean berarekin afaldu genuen.

Hurrengo goizean utziko genion erretaula etxean eta, ordaintzeaz gain, jakina, kontseilu ona eskaini zigun: - Profita ezazue egoera, lagunok! Gera zaitezte hile honetan Sebilian eta Madeiratik gatza ekarri.

Berehala egiten den bidaia da, asko irabazten eta nik esango dizkizuedan lagunekin bazoazte, itsaslapurren arriskua ere ez duzue izango.

Ia bi hilabete eman genuen hegoan gatza Madeiratik Sebiliara eramaten.

Ez zen bidaia haietan ezer gertatu, ezkur ugari eskuratzeaz landa.

Portugaletera itzuli gineneko Bilbon eskatutako itsasontzia pagatzen amaitzeko beste diru geneukan eta Sebiliatik ekarririko salkariak hemen salduz, BERTA II izango zena geure erara aro berriko armaz hornitzen hasteko beste.

1492 urtea amaitu baino lehen Portugaleteko portuan geneuzkan bi untziak, Bertak eta Martak eginiko Jaurerriko banderak erakusten.